XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asko idatzi dut neure familiakoez, baina haietaz idatzi izan dudanean, bizirik zeuden artean ama eta senideak, eta haiei buruz, gauza horiei buruz idatzi izan dut haietaraino beretaraino joan gabe.

Nire bizitzaren historia, ez dago halakorik.

Ez dago.

Hartan, ez da inoiz erdigunerik ageri.

Ez biderik.

Ez marrarik.

Halako pasarte arrunt batzuk daude, norbait izan zela iradokitzen dutenak, ez da egia, ez zen inor izan.

Idatzia dut dagoeneko neure gaztaroko zati ttipi baten historia, gutxi gorabehera, esan nahi dut aditzera eman edo egin dudala, hauxe bera, ibaia zeharkatu genuenekoa.

Orain hemen egiten ari naizena bestelakoa da, eta aldi berean antzekoa.

Lehen, aldi argiez mintzatu naiz, garai argiztatuez.

Orain, berriz, gaztaro hartakoxe aldi estaliez ari naiz, ezkutuan gorde izan ditudan gertakari batzuez, sentimendu batzuez, gertaera batzuez.

Idazten hasi nintzen inguruneko jendeak ikaragarri lotsarazten ninduen.

Moral-kontua zen idaztea haientzat artean.

Orain, berriz, idaztea gehienetan ez bide da deus ere.

Horretaz jabetzen naiz batzuetan: gauzak oro elkarnahastekatuz ezerezaren eta haizearen alde egitea ez den ber, idaztea ez da deus ere.

Aldiro gauzak oro elkarnahastekatu eta izatez izenik ez duen gauza bakar bilakarazten aritzea ez den ber, idaztea publizitatea besterik ez da.

Gehienetan, alabaina, ez dut iritzirik, ohartzen naiz eremu guztiak zabalik daudela, ez dela gehiago harresirik izango, idatzitakoak ez duela non sarturik izango ezkutatzeko, egina izateko, (...)